Aldundiak sozializazio ekitaldia egin du, Bizkaiko kirol sisteman parte hartzen duten pertsona eta erakunde guztiek euskararen inguruan egiten duten lana aitortzeko. BIKEE -Bizkaian Kirola Ere Euskaraz- proiektuak,ASFEDEBIren laguntzarekin Aldundia buru duela, euskararen normalizazio eta sustapenerako bere lana zabaltzen du kirolarien, entrenamenduetako langileen, arbitrajeko langileen, kudeatzaileen, federazioen, kluben eta abarren artean.
Bizkaiko Foru Aldundiak, ASFEDEBIrekin batera, beste aurrerapauso bat egin du lurraldeko kirol sisteman parte hartzen duten pertsona eta erakunde guztien artean euskararen erabilera finkatzeko. BIKEE - Bizkaian Kirola Ere Euskaraz- programak lurraldeko kirol-esparruan parte hartzen duten pertsona guztiei zabalduko die bere lana, lehen fasean federazioei aholkuak eman ondoren.
Astelehen arratsaldean, Bilboko Bizkaia Frontoian egindako ekitaldian, Euskara, Kultura eta Kirol Sailak Bizkaiko goi mailako erakunde, federazio, klub, enpresa eta kirolariak omendu zituen, eta hizkuntza normalizatzeko eta euskararen presentzia kirolaren arlo guztietan sustatzeko egindako lana eskertu zuen.
Ekitaldian, Lorea Bilbao diputatuak euskararen jarraipena eta presentzia adierazten duen lekukoa eman zien arlo guztietako eragileei, tartean ASFEDEBIRI. Diputatuaren esanetan, "lekuko hau Bizkaiko euskararen eta jarduera fisikoaren sustatzaile guztien lana adierazten duen tresna bateratzailea da, talde lana irudikatzen duen sinboloa da".
BIKEE proiektuak kirola sustatzen du, adin txikiko pertsonek euskararen erabilera naturala egin dezaten. Hala, kirola, garapen integralerako tresna izateaz gain, euskararen aurrerabiderako eta normalizaziorako aukera eremua ere bada.
Era berean, programa honen helburu nagusia lurraldeko kirol sisteman euskararen presentzia handitzea da. BIKEEk kirolaren bidez euskararen erabilera soziala sustatzen du adin goiztiarretatik, eta jarraipena ematen dio kiroleko prestakuntza-ibilbide osoan, gizarte osoari euskararen erabilpenerako espazioa eskainiz.
BIKEE egitasmoaren lehen urratsa federazioen barruan euskararen erabilera sustatzea izan zen. Horrela, asmo handiko bigarren fase honetan, Bizkaiko kirolean inplikatutako eragile guztiak inplikatzea du helburu.
Aldundiak, ASFEDEBIk, Bizkaiko kirol federazioek, eta Eusportek aurrera eramandako lehen urratsa, hainbat kirol modalitatetan euskararen presentzia aztertzeko diagnosia egitea izan zen, bai eta kirol modalitate bakoitzerako euskararen erabilera sustatzeko neurri egokienak adostea ere. Era berean, Aldundiak aholkularitza teknikoa, materiala eta laguntza eman die federazioei, sektore horretan euskararen presentzia areagotzeko asmoz. Horrela, Bizkaiko kirol federazioek borondatez hartu zuten parte, betiere Bizkaiko kirol sisteman euskararen erabilera sustatzeko asmoz, euskararen eta gaztelaniaren erabilera orekatuz.
Proiektuaren bigarren fase honetan, Aldundiak aitortu egiten du lurralde-kirolean diharduten eragile guztiek Bizkaian kirolaren esparruan euskararen erabilera sustatzeko egiten duten lana, Bizkaiko kirolean parte hartzen duen edozein eragilerekin komunikazioa euskaraz egin ahal izatea bermatzeko.
BIKEE proiektua 2017ko martxoan sortu zen, Euskara Bizian, Bizkaiko hainbat arlotako adituen batzordean, euskararen erabilera soziala areagotzeko egindako hausnarketa estrategikoaren esparruan. Ordutik, Foru Erakundea proiektu horrekin bat egin nahi izan duten Bizkaiko federazio guztiekin elkarlanean ari da, modu boluntarioan. Gaur egun, Bizkaiko 37 kirol-federazio (Bizkaian dauden 44 federazioetatik) BIKEE proiektuaren parte dira eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera egiten dute lan.
Gainera, bigarren fase honetan, Bizkaian kirolarekin zerikusia duten gainerako federazioei, kirolariei eta eragileei ematen zaie lekukoa, kirol modalitate bakoitzean euskararen presentzia areagotzeko. Astelehenean egindako ekitaldian, Bizkaia Bizkaialde Fundazioko klubek eta Bizkaiko 16 kirolariek jaso zuten euskarak kirol sarean duen jarraipenerako konpromisoa eta presentzia adierazten duen lekukoa. Guztiek hartu zuten lekukoa Lorea Bilbao diputatuaren eskutik.
BIKEE programak, Bizkaiko Foru Aldundia buru duela, Bizkaiko kirol-sistema federatu osoa hartzen du, modalitate bakoitzean euskararen erabileraren normalizazioan aurrera egiteko. BIKEE Foru Aldundiak bultzatzen du, Bizkaiko Kirol Federazioen Elkartearekin (ASFEDEBI), kirol federazioekin eta Eusportekin batera.






